XX. mendeko Euskararen Corpus estatistikoa

Testuingurua

GIZARTEA

Kalean da Bostak Bat taldearen 3000 Hiztegia

Batez ere hizkuntza sakondu nahi dutenei zuzendua dago

VASCO PRESS. BILBO

Bostak Bat lantaldeak Adorez bildumaren zazpigarren lana argitaratu du, euskara-gaztelania eta gaztelania-euskara egiturako 3000 Hiztegia hain zuzen ere.

Bereziki euskara sakontzen ari direnei omen dago zuzendua.

Duela hamahiru urte euskara soileko hiztegiak beharrezkoak ziren moduan, egun hizkuntzaren bilakaerak hiztegi elebidunaren premia ekarri du, Bostak Bat taldeko kide den Luis Baraiazarrak atzoko aurkezpenean azaldu zuenez.

Era honetan, egileek bilduma moderno, aberats eta erabilgarria gauzatu dute.

Lan eskerga hau burutzeko gizon emakume talde zabala aritu da lanean azken urteetan.

Guztira 1.514 orrialde dituen liburu potoloa osatu dute, 45.000 sarreratik gora eta 60.000 adiera inguru dituena.

3000 Hiztegia orain arte egindako euskara hiztegi guztien bilduma egokitua da, Euskaltzaindiaren azken gomendioei jarraikiz.

Gainera, administrazio arloko hainbat ekarpen jasotzen dira, trafiko, ogasun edota nekazarien munduan egindako zerrenda bateratuak azaltzen baitira bertan.

Zati bitan banatua da hiztegi berri hau.

Euskararen atalak, mendez mendeko hitzen bilakaera biltzen du, gaztelaniazko esapideei baliokide egokiak eskainiz eta erdal kalkoak baztertuz.

Bi atalen arteko banaketa egiteko, gramatikazko ezaugarri beharrezkoak biltzen dituen 72 orrialdeko gehigarria tartekatu dute.

Gaztelania-euskara zatia osatzeko, berriz, Diccionario de la Real Academia Española erabili dute oinarri gisa Bostak Bat taldekoek.

Aldi berean, Bostak Bat eta Aurten Bai elkarteen arteko elkarlanari esker, Europa Hiztegiaren CD-Rom bertsioa aurkeztu zuten atzo Bilbon.

Idatzizko bertsioa orain dela hiru urte plazaratu zen.

Bostak Bat euskal lexikologiaren azterketak burutu eta euskararako hiztegi modernoak egiten diharduen taldea da.

Taldekideak, berriz, Luis Baraiazarra, Txomin Solabarrieta, Patxi Uribarren, Ricardo Badiola, Juan Luis Goikoetxea eta Gotzon Aurrekoetxea dira.

Hamahiru urteko ibilbidean, Adorez sortan kaleratu ditu talde honek bilduma guztiak, horien artean Sinonimoen lehen hiztegia, Definiziozko lehen hiztegia, Haurrentzako lehen hiztegia eta Hiztegi elebidun eta moderno eguneratua.